Jarduerak

Igandetan haurrentzako zinema eskaintzen zitzaien auzoko txikienei. Gazte talde batek bertsolaritzaren hastapen latzak bezain interesgarriak ere ezagutu zituen. Abesbatza bat ere eratu zen, denboraldi batez entseiuak egin zituena. Arranon areto-futbol talde bat ere izan zen.

Maiatzaren lehena ospatzen zen. Bertako lokaletan astean bitan gimnasia egiten zen. Afari herrikoiak eta merkeak antolatzen ziren elkartea girotzeko eta auzotarren arteko harreman estuagoa izateko. Liburutegi txiki bat antolatu zuten, tapizen edo eskaiolazko mozorroen ikastaroak eman zituzten; parkerako ibilaldiak antolatzen zituzten eta ibilaldi haietan Ernesto Gurrutxaga adituak bertako zuhaitzen izenak eta ezaugarriak azaltzen zituen.

Eta beste hainbat jardueraren artean, Euskararen astea, sagardoaren astea, diapositiben proiekzioak, hitzaldiak, Korrika eta abar. Aurreneko urteetan, izan ere, elkarteak dituen lokalen goiko partea beteta egon ohi zen asteak zituen egun guztietan. Jarduera hauetako batzuk beste talde batzuekin batera landu izan dira, ondoko hauekin esate baterako: Xabier, Euskal-Eskola, Ikastola, Emakumearen Zentroa, Antxeta, Aisialdiko Elkarteak eta abar.

Jarduera horietako batzuek berezko autonomia zuten, beste batzuk autogestionatu egiten ziren, eta gainerakoetarako elkarteak 15.000 pta.ko ekarpena egiten zuen hiru hilero. Gainera, elkarteak egiten zituen janarietako eskupeko batzuk xede horretarako erabiltzen ziren.

Gastronomia ere aitzakia izan da bazkideen eta auzoko beste pertsona batzuen arteko harremana bultzatzeko eta elkar ezagutzeko.

Azken finean, bertako lokalak gizarte edo kultur jarduerak garatzen dituzten talde askorentzako topagune izan dira edota besterik gabe lagunak, senideak edo auzotarrak mahai baten inguruan biltzeko.

Jaiak

Beste talde batzuen lankidetzarekin Udaberriko jaiak antolatu zituzten, baita Olentzero auzoko presoak gogora ekarriz eta Santa Agedako koruak ere, auzoan oraindik geratzen diren baserrietatik “makila” ikusgarriak eskuan dituztela ibiliz eta eskaintzen dizkieten gazta, ardoa eta beste janari gozo batzuk dastatuz. San Juan bezperako gau miresgarrian suaren erakargarritasuna antzematen da nonahi eta eguzkiaren eragina igartzen da baita ere, Trebeska taldearen dantza ikusgarriak lagun direla.

Danborrada


Danborrada antolatu zuten gizonezkoen eta emakumezkoen partaidetzarekin, sukaldariz jantzita, militar jantziak alde batera utzita, eta ordenatuta joan arren desfile militar baten antza handirik izango ez zuen ibilera berenganatuz. Danborradaren helburua partaideen eta ikusleen artean giro alaia zabaltzea baitzen.

Porrontxo txaranga


Porrontxo txaranga ere hasieratik sortu zen, gehienbat solfeo ez zekien jendeaz osatutako taldea izanik. Auzoan izan zuten estreinaldia 1983ko San Juan bezperan izan zen eta beren emanadiek Egian edota beste auzo eta herri batzuetan izandako jai edo kultur jarduerak girotu zituzten.

Porrontxo jaiak


Hala sortu ziren Porrontxo Jaiak, batere erraza ez zen zeregin baten aurrean gogo handia erakutsiz eta auzotar guztientzat irekiak izango ziren festa herrikoiak sortzeko asmoarekin. Izan ere, elkartea zabaltzera eraman gintuzten ideialak jai haietan islatzea zen gure asmoa, hau da, guztien artean geuk nahi genituen jaiak erabakitzea, emakumeak diskriminatuko ez zituztenak, modu pasibo batean ikusteko baino parte hartzeko izango zirenak, gure hizkuntza, euskara, eta euskal kultura bultzatuko zutenak eta gure auzoak eta gure herriak bizi dituen arazoak gogoan izango zituztenak.

Ateak ireki

1982ko urtarrilean inauguratu zen eta zuzendaritza batzordeko kideak ondoko hauek izan ziren: Jose Joakin Perez Labaca “Kintxo”, Karlos Trenor, Koldo Lopez, Mari Karmen Zarate, Jose Urrestarazu “Txepe”, Juanmi Barandiaran eta Alfredo Sopeña “Sopas”, bolondres gisa aurkeztuak, baita zozketa bidez aukeratutako sei batzordekide ere. Hasieran auzoko guztientzat irekiak ziren jarduerak antolatu zituzten eta haietan partaidetza handia izan zen. Hasieratik eratu zuten kultur batzordea, eta bertatik ekimen ugari sortu zen, batzuk jarduteko erabateko autonomia izanik.

Nortzuk

Jakina, ez zen batere desberdintasunik gizon eta emakumeen artean, elkarte mistoa baitzen, Donostian ezaugarri horiek betetzen zituen lehena seguruenez, nahiz eta hasieran arrazoi horregatik kritika ugari entzun behar izan. Hasierako pasarteetako bat aipatzearren, behin gizon bat agertu omen zen zuzendaritza batzordearengatik galdezka Arrano elkartearteko Mus txalpelketara gonbidatzeko; diruzainak egin zion harrera, emakumezko batek hain zuzen, eta gizonak elkarte misto bat zela ikustean gonbidapena hartu eta eraman egin zuen gainerako elkarteetan emakumezkoak sartzea galarazita zegoelako.

Nola


Lana guztien artean egin behar izan zuten, paretak pikatu, zorua baldosaz estali, mahaiak eta aulkiak egin, berniztatu… Bakoitzak ondoen menderatzen zuen lana egiten zuen eta gainerakoak laguntzen aritzen ziren.
Erabakiak hartzeko modua asanbladatan izaten zen. Urtero zuzendaritza batzordeak ere izendatzen ziren txandaka, bazkide guztiek modu berean parte hartu eta elkartearen jarduna ondo ezagutu zezaten.

Noiz

Laurogeiko hamarkadaren hasieran sektore bat bazen urte batzuk zeramana hirigintzaren nahiz kulturaren mailan auzoaren baldintza sozialak hobetzen ahaleginduz. Auzoan oso gertutik bizi zituzten hainbat esperientzia, esate baterako auzo-elkartea, Ametzagaña 21eko kultur aretoa, Gladysen heriotza, villa Salia, ikastola berria, gau-eskola, haurrentzako zinema eta abar. Eta jende hori biltzeko lekuren baten premia antzematen zenez, lehen ikaztegia izandako lokal bat erosi zen.